XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Partitiboa.

Etxeko hizkuntz maitearen durundi gozorik ez da inon sumatzen

Partitiboa honako kasu hauetan gutxienez erabiliko dugu:

1. Ezezko perpausetan:

Dirudienez, ez dute artean linguistikarako astirik aurkitu (Mitx., 199)

Dena dela, ez dugu ogirik jan edo antzekoak esaten ditugunean, badirudi halako masa edo antzeko zerbaiti buruz ari garela:

Ez dugu ogia deitzen den horrelako ezer jan.

Horrexegatik, zeharo desberdinak dira honako bi perpausen esanahiak:

(a) Ez dugu ogirik hartu

(b) Ez dugu ogia hartu

Bigarren kasuan, ogi zehatz bati buruz mintzo gara.

Beraz, entitateek erreferentzia argia duten neurri berean ezin ditzakegu partitiboan erabili:

Mila pezeta eman diodan eskalerik ez dut maite (txarto)

Mila pezeta eman diodan eskalea ez dut maite (ondo)

2. Galderetan:

(a) Behar dugu ogirik?

(b) Ba al duzu surik?

Bai-ez erako perpaus hauek txertatuak ere egon daitezke:

Galdetu diozu ea baduen surik?

Kasu honetan, galderetan alegia, aurreko puntuan esandakoa izan behar da kontutan:

Ba al duzu libururik?

Ba al dituzu liburuak? (liburu zehatz edo ezagunak)

Ipinitako adibide hauek bai-ez erako perpausei bakarrik dagozkie, eta ez dirudi aparteko problemarik ageri denik hor.

Zer gertatzen zaigu, ordea, zati-galderetan?

Badirudi hauetan ere partitiboa erabil daitekeela, nahiz eta mugapen larriak izan oraingo honetan:

(a) Nork erosi du inoiz ogirik liburudenda batean?

(b) Nola eros autorik dirurik gabe?

Horrelakoetan, hala ere, badirudi hiztunak ez duela egiazki galdera bat egiten.

Horrelako perpausak galdera bat baino gehiago ezeztapenak direla ematen du.

Horrela, goiko perpaus horiek beste honako hauen pareko lirateke:

(a) Inork ez du erosi inoiz ogirik liburudenda batean

(b) Ezin eros daiteke, inola ere, autorik dirurik gabe